Zein da zuen erakundean aplikatu duzuen erabilera-kasu indartsu edo esanguratsuenetakoa?
Egia da Adimen Artifiziala (AA) etengabe presente dagoela IKERLANen, bai gure erakundeko barne-erabileran, bai gure bezero-enpresentzako produktu eta soluzioen garapenean.
Barne-erabileraren ikuspegitik, IKERLAN osatzen dugun pertsonak trebatzen ari gara AA tresna gisa erabil dezaten, gaur egun jada euren eguneroko lanean efizientzia modu esanguratsuan handitzen ari den tresna baita. Horretarako, funtsezkoa izaten ari da barne-prozesuak behar bezala ezartzea, informazioaren segurtasun eta pribatutasun irizpide zorrotzak betetzeko, eta baita Europako araudien betetzea bermatzeko ere.
Eta AA proiektuen garapenaren ikuspegitik, gure bezero-enpresetara egiten dugun transferentzia teknologikoan, punta-puntako mailan kokatzen diren produktu eta soluzioak garatzen ari gara, sektore askotarako (garraioa eta mugikortasuna, industria, energia, osasuna eta kirola, banaketa edo finantzak, besteak beste) irtenbide berritzaileak eskainiz.
Oso proiektu ugari garatu ditugu hainbat arlotan: baliabide mugatuko elektroniketan txertatutako AA, sektore anitzetan aplikatutako aurreikuspen eta detekzio-AA, salmenta eta joeren aurreikuspena, eta azken urteotan oso ugariak izan dira AA Sortzailearekin loturiko proiektuak ere.
Baina jarduera-lerro garrantzitsuren bat nabarmendu beharko banu, baliteke AA fidagarriko lerroa azpimarratzea; bertan, AA prozesu kritikoetan txertatua izan dadin behar den heldutasun teknologikoa garatzen dugu, fidagarritasun maila handienak lortuz.
Aurten, gainera, LABORAL Kutxarekin batera INNKIA Artificial Intelligence startup-a sortu dugu, adimen artifizial aplikatuan Euskadi erreferente bihurtzeko apustu estrategiko bati erantzuten diona, izan ere, teknologia honen erronkarik handienetako bat bertan dago. INNKIAk enpresei ahalbidetzen die beren softwarea sekula ikusi ez den arintasun eta segurtasunarekin eguneratu eta balioztatzea, arrisku operatiboak murriztuz eta araudia betetzen dela bermatuz
Zein da zuen erakundean IA aplikazioetan aurrez aurre dituzuen erronkarik handiena?
IKERLANek, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sareko (ZTBES) eragile gisa, gure antolakunde propioko erronkei ez ezik, bezeroen erronkei ere egiten diegu aurre, eta gero eta gehiago dira Adimen Artifizialaren arloan sortzen diren erronka horiek.
Erronka nagusia da AAren soluzio fidagarriak garatzea: erabilera-kasu bakoitzak eskatzen duen teknologia-subiranotasun maila eta informazioaren pribatutasuna bermatuko dituztenak; industrializazio eta produkziorako ezarpen egokia izango dutenak, OPEX optimizatua dutenak; eta AA barne hartzen duten soluzioen merkaturatzerako behar duten eragiketa- eta ziurtasun-bermea eskainiko dutenak. Jakina, hori guztia araudi-beharrak kontuan izanda.
Zein aholku praktiko emango zenioke IA aplikatzen hasi nahi duen baina nondik hasi ez dakien norbaiti?
Oro har, gure gomendioa izaten da apustu sendo batekin hastea, baina batez ere quick-win ikuspegiarekin edo erronka mugatu eta zehatzetan oinarrituta. Horrelakoek epe laburrean itzulera kuantifikagarria lortzeko aukera ematen dute. Funtsezkoa da enpresako Zuzendaritzaren apustu irmoa edukitzea, baina bai eta lortutako emaitzek hartutako estrategiaren aldeko konfiantza indartzea ere.
Erakunde batek hartutako estrategia sendotzen duen faktorerik onena berrikuntza aplikatzearen emaitza ukigarriak ikustea da. Eta alderdi hori are garrantzitsuagoa da hain eragin handiko eboluzioez hitz egiten dugunean, Adimen Artifiziala kasu.
Nola konbentzituko zenuke bezero bat edo enpresako goi-zuzendaritza IA aplikatuan inbertitzea merezi duela?
Uste dut azken urteetako aldaketa nagusietako bat izan dela, oro har, enpresek goi-zuzendaritzaren lidergoa dutela IAren aplikazioa etorkizunerako erronka saihestezin gisa lantzeko.
Beraz, nire ustez garrantzitsuena da quick-win ariketak identifikatzea; horiek dira lortutako emaitza partzialetan oinarrituta estrategia sendotzera eramango gaituztenak.
Osatu esaldia: “IA aplikatua da…”
Aplikatutako IA enpresa guztiok, lehiakortasuna bermatzeko, barne-prozesuetan sartu behar dugun tresna da; eta arreta-gune izan behar du bai gure produktuak eta prozesuak nola hobetu ditzakeen aztertzeko, bai eta gure aplikazio-sektorean sortu dezakeen aukera berria baloratzeko ere.